2004/11/25

Web semantikoa

Azken urteetan web sarea aro berri batera eramango duela dirudien proiektu batean dabil buru belarri Interneteko estandarrez arduratzen den (bereak dira, besteen artean, HTML eta XML markatze lengoaien deskribapenak) World Wide Web Corsortium edo W3C elkartea: web semantikoa delakoa.

Bultzatzailea Tim Berners-Lee dugu, 1990eko hamarkadaren hasieran web sarea sortu zuen bera. 1998an kontzeptu honen inguruko Semantic web roadmap idatzia argitaratu zuen. Hiru urte beranduago, 2001eko maiatzeko Scientific American aldizkarian, James Hendler eta Ora Lassilarekin batera, The Semantic Web artikulua idatzi zuen.

Web semantikoa datuen autodeskribapenean oinarritzen da, horretarako metadatuak (datuen gaineko datuak, adibidez aurreko batean hizpide izan genuen DublinCore estandarra jarraituz), baliabideen deskribapena (RDF edo Resource Description Framework delakoaren barruan) eta euren klasifikazioa gauzatuz (ontologien garatzeko OWL edo Web Ontology Language erabiliz).

W3Cren web semantikoaren webgunean informazio pila aurkituko dugu kontzeptu honen inguruan: artikuluak, estandarrak (RDF eta OWL), hurrengo lansaioen agenda...