2005/02/26

MetaDokulan

Azken egunetan Dokulanek izan duen arreta dela eta, weblogaren inguruko zenbait galdera jaso ditut. Horiek eta aurrerantzean sor daitezkeenak erantzun asmoz, Dokulanen zertan den argitzeko mezu hau idaztea pentsatu dut, orrialdearen sorreraren zergatiak, helburuak, egituraketa, euskaratzea, egilea nor den eta lizentzia mota azaldu nahian.

Zergatiak eta helburuak

Behin baino gehiagotan sentitu dut egindako irakurketen iruzkinak, jasotako berriak... nonbaiten biltzeko beharra. Azkenaldian, gainera, sentipen hori areagotu egin da proiektu berri askoretan parte hartu dudalako, horrek dakarren informazio iturri berrien ezagutzarekin, irakurketa gehiago eta sakogoekin, ikastaroekin...

Nere buruan ordena pixka bat jarri eta bide batez irakurleren bati ahal den neurrian laguntzeko jaio da Dokulan.

Proiektu berri bat izanik, weblog honek ez du oraindik ere eduki askorik biltzen. Baina, gutxinaka gutxinaka, bere azpitituluan adierazten den mezua egi bihurtu nahi du: dokumentazioaren inguruko berriak euskaraz jasotzea alegia.

Eta zer nolako berriak? Batez ere Interneterako informazioaren antolakuntza, bilaketa eta berreskuraketarekin zerikusia dutenak. Oraintxe bertan markatze lengoaia eta metadatuekin buru belarri nabil. Horiek dira Euskomedia Fundazioan egiten dudan lanean jorratzen ditudan arloak eta ondoen ezagutzen ditudanak.

Hedakuntza bideak

Web orriaren irakurkerta zuzenaz gain, Dokulanek beste bi bide jartzen ditu bere edukiak jasotzeko:

Luistxo Fernandezen eskutik weblog hau Aurkiko Teknologia atalera gehitua izan da.

Azpiegitura teknikoa

Funtsean Dokulan Blogger tresnaz kudeatutako blog bat da. Horrez gain, honako baliabide hauek erabiltzen ditu:

Euskaratzea

Blogger-en oinarrizko hizkuntza ingelesa da eta nabigatzeko hainbat elementu (aurreko mezuen zerrenda, irakurlearentzako mezuak...) hizkuntza horretan idazten ditu. Lan pixka bat beharrezkoa da baina hasierako funtzionamendu hau aldatu egin daiteke, mezuak eta izenburuak euskaraz ager daitezen.

Prozesua Blogger-ek eskeintzen dituen plantila edo txantiloien artean gure gustokoa aukeratu ondoren hasten da. Kodea aztertzen badugu, hiru elementu motaren nahasketa dela ikusiko dugu:

  • XHTML: testuak eta etiketak
  • CSS
  • Blogger-ek erabiltzen dituen etiketa bereziak, hainbat elementuren ordezkapena diranak: mezuaren egilea, blogaren izenburua, mezuak uzteko formulariorako deia...

CSS kodea ez dago aldatu beharrik, orrialdeak gure gustuko itxura baldin badauka behintzat. Horrela ez bada, nahi dugun moduan moldatu dezakegu.

XHTMLn dagoen testua ingelesetik euskarara itzultzea besterik ez dago: Previous items hitzen ordez Aurreko mezuak jarriko dugu.

Blogger etiketek arazo gehiago sortzen dute. Hauen funtzioa ez da aldatu behar baina bai orrialdearen kodean idazten duten testua. Bi motatako etiketak daude:

  • Testu baten (identifikazio daturen baten) ordezkapena diranak: Blogaren izenburua, egilea, mezuen izenburua... Hauen ordez Bloggerrek guk emandako testua idatziko du, beraz, bere horretan utziko ditugu.
  • Funtzio jakin bat ordezkatzen dituztenak. Arazoak ematen dituzte funtzio horiek testu bat loturik dutelako eta ezin direlako zuzenean erabili.

Adibidez, irakurleak mezuak bidaltzeko lotura sortzen duen etiketa <$BlogItemCommentCreate$> da. Bere horretan utziz gero, Post a comment testua idatziko du gure orrialdean. Hori konpontzeko, etiketa <a> elementu baten href ezaugarrian sartuko dugu eta loturaren testua guk nahi bezala idatzi.

Dokulanen plantila Douglas Bowmanek diseinatutako Minima delakoan oinarriturik dago. Neuk prestatutako fitxategi honek bi testu biltzen ditu:

  • Hizkuntzarekin lotuta dauden plantilan egindako aldaketen zerrenda.
  • Plantila osoaren kodea aldaketa horiek egin ondoren. Zure bloga sortzerakoan Minima ukeratu bazenuen, plantila fitxategi honetako testuarekin ordezkatu dezakezu. Baina kontuz!: geroztik aldaketarik egin baduzu edo beste plantilarik erabiltzen baduzu Minimarekin ordezkatuko duzu. Horrelakorik gertatzea ez baduzu nahi erabili lehenengo fitxategia zure plantila moldatzeko.

Itzulpena egiteko modu honek arazo batzuk dakartza:

  • Plantila eredua aldatzen badugu, berriro ere zuzenketa hauek guztiak egin beharko ditugu.
  • Zenbait elementu (mezuak postaz bidaltzeko ikonoaren gainean azaltzen dan testua) ezin dira aldatu edo nik behintzat ez dut hori egiteko modurik topatu.
  • Data zenbaki moduan bakarrik jarri daiteke.

Horregatik Bloggerekin harremanetan jarri naiz euskara onartutako hizkuntzetako bat izan dadin itzulpenerako laguntza eskainiz. Erantzunaren zain nago.

Egileaz

Iñaki Arrieta Baro nauzue, 1998an Deustuko Unibertsitateak Donostian duen egoitzan Historian lizentziatua. Ondoren EHUn Euskal Ikasketetan Unibertsitate Aditu ikastaroa egin nuen eta orain UOCen Dokumentazioa ikasten dihardut.

Lizentziatura lortu nuenetik Eusko Ikaskuntzaren baitan lan egin dut, lehenik Mediatekan eta orain bertatik sortutako Euskomedia Fundazioan.

Hasiera batean irudien tratamenduan eta paperezko dokumentuen digitalizazioan jardun banuen (Eusko Ikaskuntzaren prentsa txosten historikoa, erakundearen argitalpenak, Gipuzkoako zenbait udalek erabiltzen duten argazki artxiboen kudeaketarako aplikazioa,...), azken urteetan batez ere webguneen antolakuntza jorratu dut, Euskonews aldizkariaren berrikuntzan eta Auñamendi entziklopediarako web aplikazioaren diseinuan parte hartu dudalarik.

Lizentziaz

Dokulan Creative Commons lizentzia baten menpe dago. Hori dela eta, beti ere iturriaren eta egilearen aipamena eginez eta zure lana ere modu honetan lizentziatuz, bertako edukiak asmo komertzialik ez duten lan eratorrietan erabil dezakezu.

2005-09-28: Dokulan Creative Commons Attribution-ShareAlike 2.5 lizentziara aldatu dut. Honek erabilera komertziala ere onartzen du, betiere egile eta iturriaren aipamena eginez.