2009/05/24
2006/03/22
ETAren suetena
Hau ez da blog politiko bat, baina berri historiko baten barri jaso nahi dut: ETAk jakinarazi du 2006eko martxoaren 24etik aurrera su-eten iraunkorra aldarrikatzen duela. Espero dezagun hau bakera eramango gaituen bidearen hasiera izango dala eta beste eragile politikoek ere bide horretan lagunduko dutela.
Informazio gehiago Berrian.
Zenbait titular
- ABC: ETA anuncia un alto el fuego permanente
- BBC: Eta 'calls permanent ceasefire'
- Berria: Su etena
- CNN: ETA to declare cease-fire
- Diaro Vasco: ETA anuncia un alto el fuego permanente desde el viernes
- Gara: ETAk su-eten iraunkorra aldarrikatu du / ETA declara un alto el fuego permanente
- Liberation: L'ETA en passe d'annoncer un cessez-le-feu permanent
- Le Monde: L'organisation séparatiste basque ETA annonce un "cessez-le-feu"
- El Mundo: ETA anuncia un 'alto el fuego permanente'
- El País: ETA anuncia un "alto el fuego"
- La Razón: ETA anuncia un alto el fuego permanente
- La Vanguardia: ETA anuncia un alto el fuego permanente
2006/03/05
Bizkaiko digitalizazio lanen inguruko monografikoa
Euskonews aldizkariak Bizkaian egindako digitalizazio lanen inguruko monografikoa argitaratu zuen otsailaren 24ean.
Ale berezi honetan sei artikulu eta Clotilde Olaran, Bizkaiko Foru Liburutegiko arduradunari egindako elkarrizketa biltzen dira. Azken honetan Clotildek informatizazioak eta digitalizazioak liburutegiei ekarri dizkien abantailak eta arazoak aztertzen ditu. Artikuluetan, besteak beste, artea, dokumentazio politikoa eta hizkuntzalaritza hedatzeko egindako hainbat digitalizazio lanen arduradunek, proiektu horiek izan dituzten helburuen berri ematen dute.
2005/12/28
Mintegia: web semantikoa eta lengoaia dokumentalak
2005eko abenduaren 12an Madrilen web semantikoak eta lengoiaia dokumentalek duten harremanaren inguruan mintegi bat ospatu zen, Uso de lenguajes documentales en la web semántica izenburupean eta SEDIC eta CINDOC erakundendeek antolatuta.
Mintegia oso interesgarria suertatu zen, bertara hurbildu ginenok egun bakar batean azalpen teorikoak eta esperientzia praktikoen azalpenak entzuteko aukera izan genuelarik.
Goizean goiz, ponentzia teorikoak aurkeztu ziren:
- Asunción Gómez-Pérezek web semantikoaren oinarriak azaldu zituen, ontologien garrantzia azpimarratuz.
- Ángeles Maldonadok hiztegiaren kontrola ezinbestekotzak jo zuen informazioaren berreskuraketa bermatzeko.
- Antonio García Jiménezek tesauro eta ontologiek duten harremana azaldu zuen, azken hauek aurrekoak hobetzen dituztelaren iritzia defendatuz, baina gaur egun ere tesauroak ere beharrezkoak eta lagungarriak direla argi utziz.
- Martín Álvarez Espinar OWL eta SKOS estandarren arteko ezberdintasunak azaltzen saiatu zen lehenengoaren potentzia azpimarratuz eta bigarrenaren sinpletasuna Nuevos lenguajes de marcado y estándares para la codificación de lenguajes documentales (OWL y SKOS-Core) izeneko ponentzia luzeago batean.
Mintegiaren bigarren atalean alderdi praktikoagoak landu ziren:
- Gómez-Pérezek ontologien garatzeko dauden hainbat programen Protégé, WebODE, OilEd... eta metodoen berri eman zuen, erabilitako metodoak ontologia batean jaso daiteken ezagutza mugatzen duela argituz eta horren arabera ontologia arinak lightweight, tesauroak barne eta astunak heavyweight ezberdinduz.
- Rodrigo Sánchez Jiménezek web semantikoaren tresnak erabiliz UCMko bere lantaldea garatzen ari dan klasifikatzaile automatiko bat aurkeztu zigun, dokumentu bilduma batentzako SKOS lengoaian tesauro berezi bat sortzeko gai dena.
- Xabier Agenjok, Francisca Hernándezekin batera Cantabriako kultur ondarea web semantikorako prestatzeko egin duten lanaz hitzegin zuen. Bere ustetan, mota horretako lanak egiterakoan aurretik egindako kontzeptualizazioak kontutan edukitzea beharrezkoa da, batez ere Conceptual Reference Model delakoa azpimarratuz. Bidean den ISO 21127, FRBR, FRANAR, DCMI, PREMIS, MARC, EAD... ere aipatu zituen.
- Richard Benjaminsek iSOCO enpresak egindako web semantikoko proiektu batzuk aurkeztu zizkigun. Lehenengo eta behin, proiektu hauen oinarri eta garatzeko alderdirik gogorrena ontologiaren garapena dela azaldu zuen. Hau da, beti gertatzen zaigun bezala, hemendik aurrera ere kontzeptualizazioa, abstrakzioa eta dokumentuen egituraren jabe egitea izango da gure lanaren alderik zailena... eta interesgarriena. Enpresa honek egin dituen proiektuen artean, Espainiako Botere Judizialak eskatu duen eipaile berriek dituzten galderak erantzuteko sistema bat iruditu zitzaidan interesgarriena.
- Jesús Gascón Garcíak Temaria datu baseaz hitzegin zuen. Sistema honek dokumentazioren inguruko gaiak lantzen dituzten hainbat aldizkaritako artikuluen katalogazioa jasotzen du. Bere ezaugarririk garrantzitsuena hiru hizkuntzetan katalana, gaztelera eta ingelesa dagoen tesauro baten erabilera da. Ponentziak tesauro horren erabilerak dituen abantailak eta zailtasunak azaldu zituen.
Partehartzaileen artean informatikariak eta dokumentalistak egoteak landutako gaien ikuspuntu ezberdinak entzuteko aukera eman zuen. Aldi berean, ezagutza eta dokumentazioaren antolaketak espezialista ezberdinak behar dituela erakutsi zuen. Argi dago ordenagailuak informatikarien esparrua ezagutza eta dokumentazioaren antolakuntzaren dokumentalisten arloa oraina eta geroa direla, bi ikasketa tradizioen elkarulertzea ezinbestekoa bihurtzen delarik.
Argi geratu zen, nire eritziz behintzat, benetako web semantikoa gizakiok eta makinek ulertuko dugun sarea lortu nahi badugu, webean dauden dokumentuen kodeketa hobetu beharra dagoela. Hobekuntza honek bi bide jarraitu behar lituzke:
- Datu gehiago idatzi: metadatuak erabili.
- Erabiltzen diren datuen kontrola, metadatuetan jasotako informazioa ahalik eta erabilgarriena izan dadin.
2005/12/01
Herritek eta estandarrak
Aurki.com bitartez HerriTek: Teknologia herritarrei buruzko berripapera euskal blogaren berri izan dut.
Urrian jarri zen martxan eta oso gai interesgarria lantzen du: weberako estandarrak —RSS, OpenDocument, SVG...—, irisgarritasunean duten eragina eta estandar horiek onartzen/lantzen dituzten programak.
Orain gutxi Bloggeretik Blogari.net plataforma berrira salto egin du webgune honek.